Donostiako Plan Orokorra berrituko da hurrengo legealdian. Hurrengo urtetako udal egitasmo nagusiena izango da. Erdiguneak eta auzoak datozen urtetan izango duten bilakaera urbanistikoa erabakiko da eta erabaki handi eta txiki guzti horiek herritarrengan izugarrizko eragina izango dute. Hirigintza prozesu hauek askotan teknikarien gaitasun bereziko kontuak bezala ikusiak izan dira, baina 1995 Plan Orokorra eta 2010ekoaren tramitazioaren gora beherak bizi izan ditugunak badakigu ez dela horrela. Teknikariaz eta politikariaz gainetik, herritarrak eta auzotarrak eduki behar dugu hitza, gu garelako hiria bizi dugunak eta gabezia eta ondorioak pairatzen ditugunak.
Altzan, 70 eta 80 hamarkadetan egindako hirigintza desorekatuaren ondorioak pairatzen ditugu. Laburtzearren, Barrutitik bultzatutako plan estrategikoaren diagnosia errepasatzea nahikoa izango zen. Hirigintzako politika hori gaurdaino iritsi da; Altza lanpostuaz hustu da, industria eta jarduera ekonomikora dedikaturiko eremu guztiak etxez bete direlako; hamarkada beltz horietan sorturiko ekipamendu eta dotazioen eskasia bere horretan dirau; ondorioz, gazteek ez dute lanpostua bertan aurkitzeko esperantzarik, lehen ikasketak uzten dituzten gazteak ugariak dira, eta bizitza-esperantza ere hiriko beste inguruetan baino laburragoa da (udalaren azterketen arabera).
Horregatik, datorren Plan Orokorrak Altzan duen erronkari buruzko ohar batzuk egin nahi ditugu eta horretarako, ezinbestean, jasangarritasunaz hitz egin behar da eta etxebizitzaz ere.
1.- Jasangarritasuna ez da jadanik hitz huts bat. Hirigintza legeek, bai erkidegokoa (2006koa) bai estatukoa (2015koa), hirigintza jarduna agindu behar duten hasierako printzipioen artean jasotzen dute. Horien artean azpimarratzekoa da lurzoruaren okupazioa bera jasangarritasunez burutu behar dela, eta horrek esan nahi duela[1]:
[1] “La ordenación urbanística asumirá, como criterios orientadores, los principios del desarrollo urbano siguientes:
c) La ocupación sostenible del suelo, que contemple su rehabilitación y reutilización, así como el uso de las viviendas vacías, como opción preferente sobre el nuevo crecimiento, evitando la segregación y dispersión urbana para posibilitar el mantenimiento de la función primaria del territorio como base de la protección de los valores ambientales de los espacios urbanos, rurales y naturales y de la correcta integración y cohesión espacial de los diversos usos o actividades con el fin de reducir la generación de movilidad”.
- Birgaikuntza eta berrerabilpena lehenestea;
- Etxebizitza hutsen erabilera lur okupazio berrien aurretik jartzea;
- Lur okupazio sakabanatuak ekiditea, lurraren berezko funtzioari eusteko eta ingurunearen ingurumen baloreak babestu daitezen;
- Lurraldean ematen diren erabilera eta jarduerak tartekatzea eta batera ematea, derrigorrezko mugikortasuna murriztu dadin.
Aipaturiko eduki hori Euskal erkidegoko Lurzoru Legearen 3. artikulua da. Horretaz gain, jasangarritasunaren irizpide barnean bertan ingurumen aspektuak aipatzen dira (energia berriztagarriak …), lurraren baliabide naturalak babestea, eraikuntza jasangarria eta, berriro ere, etxebizitza hutsen erabilera eta derrigorrezko mugikortasunari muga jarri beharra.
Baina, lurzoruaren okupazioari aplikatu behar zaizkion zerrendaturiko kontu horiek nabarmendu nahi ditugu, gure inguruan ondorio ikaragarriak dituztelako.
2.- Hori baino lehen estatuko 2015eko lurzoru legearen aipamena egin behar da ere. Hasieratik 3. artikuluak lurraren arautegia, erabilera, antolaketa eta okupazioa interes orokorra eta jasangarritasunak zuzenduta egin beharko dela azpimarratzen du. Eta jarraian 20. artikuluak, landa lurra lur urbanizagarria bihurtzea erabilera hori justifikatzen duten beharrak asetzeko behar den lurzoruarekin bakarrik planteatu ahal izango dela. BEHARRA eta JUSTIFIKAZIOA larriz jarriko ditugu, gainerakoan, bi elementu horiek gabe ezingo delako landa lurra hiri erabilerekin okupatzeko proposamenik egin. Eta gaineratzen du aipatu artikuluak helburu bezala, espekulazioa eragoztea edo gainerako landa-lurzorua urbanizaziotik babestea.
Guzti honekin esan nahi dugu, azpimarratutako kontuak ezin direla ulertu jarrera politiko baten isla bezala, legez ezarritako agindu multzo bezala baizik.
Legeek agintzen dute landalurra ez urbanizatzea, etxebizitza hutsak erabiltzeari lehentasuna ematea, lurraren nekazaritzako eta lehen sektorearekin lotutako funtzioak eman ditzan babestea, eta natur baloreak errespetatzea.
3.- Eta agindu hori ez da modu hutsalean ematen hirigintzan aplikazioa izan dezan baizik. Horren lekuko dira epaitegietan ematen ari diren sententziak. Logroñoko Ecociudaden kasuan, Avilako Plan Orokorraren aldaketaren espedientean, Zamoran eta beste batzuk azterturik, zenbait ondorio atera ditzakegu:
- Errealidadea ez da diskrezionala, datu objetiboetan oinarritu behar du (adibidez, etxebizitza beharra demostratua egon behar du, ezin da planteatu hiri bat handitu behar duela besterik gabe, egiaztatzeko moduko agiriak sortu behar dira). Memoriak erabaki guztien motibazioa jaso behar du, datuen oinarriarekin.
- “Ciudad dispersa” edo lur okupazio sakabanatua jasangarritasunaren aurkakoa da.
- HAPOaren errebisioari ekiten zaionean, aurreko planaren etxebizitza kopuru handia ez bada eraiki ezin da zabalpen berri handiak proposatu, neurrigabea da.
- Jasangarritasuna hirigintzako egitasmo guztiei eragiten die, plangintza orokorrekoak eta garapeneko plangintzari ere (“principio omnicomprensivo”).
4.- Hirigintzako legeriaren eraginarekin batera, hiriko lurren antolaketa eta erabileran eragina duten beste arau batzuen ondorioak ere azpimarratu behar dira: Hondakinak eta lur kutsatuen 7/2022 Legea, eta aldaketa klimatikoa eta energia-trantsizioa 7/2021 Legea. Eta lege hauek honako paradigma berriak ezartzen dituzte:
+ ekonomia zirkularra.
+ aldaketa klimatikoa.
+ hondakinen eragina.
Paradigma hauek eredu berri bat ekarri behar dute, zuzen zuzenean lurren trataerarekin eta erabilerekin lotura duena. Izan ere, uholdegarritasun arriskuarekin batera arrisku berriak aurreikusi litezke: lehorteak, itsasoen maila igotzea, elikaduren eskasia, etabar. Horregatik, ibai eta erreka ertzak urbanizatu ezin diren bezala, landalurra berezko gaitasuna izan dezan, urbanizatzetik aldendu behar da.
Gaur egungo egoeran ez da nahikoa ingurumen ebaluazioa orain arte bezala egitea, hau da, espedientea osatzeko eta proiektuen ondorioak gutxitzeko tresna bezala. Mundu osoko adituak “evaluación ambiental inversa” egitea eskatzen ari dira, hau da, lur honen gaitasunak kontutan izanda, interes orokorretik begiratuta, berezko erabilera aproposena zein den zehaztea, beste guztiak debekatzeko.
Bestalde, landa-lurra landarediaren euskarri den heinean, badu beste gaitasun berezi bat orain arte antzeman ez dena, karbono edo CO2ren xurgatzaile izatearena. Zentzu horretan, mundu osoko hiriak hiri-lurrean sortutako kutsaduraren hustubide nahikoa izatea lantzen ari dira, eta lan hori ondo zaindutako eta babestutako landa-lurrak bakarrik bete dezake.
Horrek suposatzen du hiriaren aztarna fisikoa ez handitzea eta landa-lurrarenganako hiriaren presioari eustea. Horrekin batera, gaitasun agrologikoa areagotzea bilatu behako litzateke aztarna ekologikoa hazteko joera aldatzeko eta murrizten hasteko.
ETORKIZUNERAKO ZER? GALDERARI ERANTZUTEKO IDEIA BATZUK
- Ekohirien ideia barneratu: erabileren arteko nahasketa bermatu eta derrigorrezko mugikortasuna gutxitu.
- Etxebizitzaren inguruko eztabaida sakona:
- donostiarren beharretara moldatutako eskaintzara lotzea;
- etxe hutsak merkaturatzeko pizgarriak ematea;
- udalak etxe hutsak eskuratzea eta alokairuan jartzea;
- dentsidade baxuko auzoak redensifikatu;
- alde zaharren birgaikuntza;
- Bizitza baldintza gogorrak dituzten auzoetan lurraldearen % 40 gune libreak izatea lortzea.
- Hiriko elikagai beharra bertan asetzeko tamainako landalurra babestea.
- Eremu berdeen tipologia areagotzea.
- Bero-uharteen tratamendua lantzea (iturriak, lehengo ubideak berreskuratzea….).
- Baso, zuhaitz eta landaredia babestea eta lurzoruaren iragazkortasuna defendatzea.
ALTZA: BIRSORKUNTZA BIZITZA KALITATEA BERRESKURATU DEZAN
Lehena.- Gune libre, parke, lorategi, kultur eta kirol-eremua, jolas parkeak, eta gainerako sistema orokorra eta lokala hobetzea Altzako auzoetan horrelako ekipamendu eta dotazioak tartekatuz.
Bigarrena.- Etxebizitza egoeraren hausnarketa sakona: zenbat daude hutsak eta egongo diren hutsak hurrengo hamarkadan, zenbatetan pertsona bakarra bizi den, ze adinekoa, eta potentzialki noiz egongo den hutsa.
Etxebizitza eskubidearen edukiaz ere hausnartu behar da. Izan ere, ezin da onartu eskubide hori etxe berri bat izateko eskubidearekin parekatzea, hori erabat jasanezina delako. Donostiako etxebizitza parkea egun dauden beharretara egokitu behar da etorkizuna baldintza ez dezagun.
Hirugarrena.- Jarduera ekonomikoak berreskuratzeko eremuak berreskuratzea.
Laugarrena.- Horien artean Zardoya-Otiseko Herrerako lursaila aurretik aipaturiko helburuetarako gordetzea, etxebizitzarik egin gabe. Izan ere, Herrera da zerbitzu gutxien eta espazio libre batere ez duen auzoa eta presioa jasanezina da. Bertan berdegune bat sortzeko aukera baliatu behar da, inguruko auzoekin lotura eginez.
Bosgarrena.- Auditz-Akular altzatarrentzako parke osasuntsua bihurtzea, nekazaritza eta abeltzaintzako erabilerarekin batera, ekialdearen gerriko berdea eta natur-birika modura. Bigarren Ametzagaina bat izan daiteke, Altza osoko lotura eginez.
Berriki, Ekialdeko Plan Estrategikoaren diagnostikoak, Barrutiko Batzordeak eskatuta, etxebizitzarako lurzoruaren gehiegizko funtzionaltasuna eta Altzako ekoizpen-sarearen desagertzea detektatu ditu. Hala ere, ez du pausorik eman nahi izan gainerako eremuetan atzematen diren ondorioekin erlazionatzeko. Edozein orubetan etxebizitza egin nahi den honetan, baita egungo jarduera ekonomikoak desagertuz ere (Ramón Vizcaino, Nerecan, Rutilita eta abarretan egin zen bezala eta, orain, Zardoya-Otis errepikatzeko asmoa), berehalako ondorioak dira: lanpostuen desertizazioa, nahitaezko mugikortasunaren hazkunde meteorikoa, biztanleriaren lan-aukeren murrizketa, eskola-porrota edo eskola-aukera eza areagotzea, eta, oro har, bizi-mailaren pobretzea eta bizi-itxaropena gutxitzea, horiek baitira Planak atzeman dituen diagnostikoaren beste elementuak.
Eta lotura zuzena dute. Azken batean, hirigintza da espazio eta denbora batean gauzak gertatzeko, harremanak izateko, jarduerak eta pertsonak gurutzatzeko, edo ez, egiteko tresna. Hurrengo Plan Orokorrak Altza betiko logela-hiri izatera behartu dezake, edo, bestela, giza, ekonomia- eta gizarte-inguruneak izateko bidea eman.
Altzan, 2023ko maiatza